Maider López

Isabel Coixet, 2005

<<<<<

38 pauso Maider López-en inguruan

Beneziako Bienalean nago, Italiako pabiloiaren aurrean. Beroa beldurgarria da. Aldamenean dagoen behin-behineko kafetegiko kafea (illy, jakina) ona da eta speck-ezko eta ruccola-zko tramezzini-ak, are hobeak. Maider Lopez zapaltzeko prestatzen ari naiz.

Pabiloiaren ateak zabaldu direnean, arnasa sakon hartu eta geldiro sartu naiz. 38 pauso daude atearen eta gainerako instalazioen artean. Hasieran astiro noa, halako begirunezko beldurrez, ertzak sangina laranja kolorez margoturik dituzten zur grisezko oholen gainean. Lotsaz hasi naiz. Ohol horiek, beren kulunka arinak, denbora luzean lehen aldiz, ibiltzea zer den pentsarazten didate, zapaltzen dugun zoruak gugan zein eragin duen, hodeiei begira ibiltzen direnen eta lurrera begiratzen dutenen artean zein desberdintasun dagoen, nor garen geldi gaudenean, nor gabiltzanean…

Beste aldera iristean gelditu, eta egin dudan bideari begira jarri naiz. Nire atzean beste batzuk ari dira zur hori bera zapaltzen eta, une labur batez, Maider-en artelanaren zati bilakatzen diren pertsonen joan-etorriak markatzen dituzten arrasto laranjak ikusten ditut: ile-ebakera atomikoak eta sandalia fluoreszenteak dituzten turista islandiarrak (geroago jakingo dut Islandiako pabiloia egin dutenak direla), Gilbert & Georges-en bertsio ez-arty baten itxura duen ingeles bikote bat, Shin Chan-en bizkar-zorroak eta oinetako koloreanitzak dituzten eskola ume italiarrak, harri eta gozoki zapalduen arrasto bat uzten dutenak… Berriz ere espazioa luzetara gurutzatzea erabaki dut, lurralde hau nire egin dut, zaindari arretatsuek uzten baldin badidate bertan etzan nintekeela pentsatzen dut, ez egitea erabaki dut, lur honek, lan honek hala eskatzen baldin badit ere. Nick Cave-ren edo Nick Drake-ren, edota beste edozein Nick ilunen abesti bat entzun nahiko nuke, isiltasun osoa egotea nahiko nuke. Haurrak eta beren bizkar-zorroak eta beren garrasiak isiltzea.

Maiderren lanak ez du garrasi egiten: xuxurlatu egiten du. Gure ingurua eta gu geu berriz aztertzera behartzen gaitu leunki, gure kaleak, gure basoak, gure aparkalekuak, gure hirian ibiltzeko jokabide-kodea.

Bere asmoa ez da hori dena aldatzea, bai, ordea, begirada berri batekin berriz balioztatzea. Bere esku-hartzeen bidez ezin neurtuzko balioko oparia egiten digu egunerokotasunaren asperdura-tonek beren zama grisarekin (edota berdearekin, baso batek ere asperdura sor baitezake, baso aspertu bat ezer ez baino hobea den arren) gure bizitza ito dezaketen une honetan; lehendabiziko aldiz gabiltzala, baso bat lehen aldiz dakusagula, gure hiriko kaleek ez digutela gainera egozten yogur baten, edota arratoi-pozoi baten, edota kirurgia plastikoaren bikaintasuna, gauden espazioa geurea dela… sentiaraztearen oparia.