Maider López

Testuak

(Español) Maider López. Varias unidades al mismo tiempo.

Testu hau ez dago eskuragarri. Irakurri dezakezu honako hizkuntzetan: Espainiera (Europa)

Errealitatearen loturak askatzen. Fulya Erdemci

Zergatik ez dugu barre-algararik egiten Maider Lópezen lanekin, gehienak komikoak badira eta, batzuetan, absurduaren mugetan mugitzen badira ere? Esaterako, pertsona oso ezberdinak bildu zituenean Aralar mendian auto-ilarak sortzeko; edo Ottolandeko polderretan futbol-txapelketa ezinezkoak antolatu zituenean, ur-kanalek alde batetik bestera zeharkatutako zelaietan; edo Renneseko igerileku batean 85 igerilariri eskatu zienean lerro zuzenean igeri egiten zezatela.

Jacques Tati zuzendari frantziarraren lanekin gertatzen den bezalaxe, karkara artean beharrean, irribarre lotsati batekin hartuko dugu Lopezen lana, artistaren umore-estiloarekin bat egiten duen zorion diskretuarekin. Gauzen ordena zertxobait aldatzen, mugitzen edo alteratzen denean gertatzen dena ikusaraziko digu Lopezek. Eguneroko bizitzarekin, inguratzen gaituzten espazioekin edo pertsonen arteko harreman arruntekin loturiko xehetasun txikien bitartez, gure begiak gauzen egiturara edo ordenara zuzenduko ditu. Hala, guztiak direla ahulak eta beste modu batera ere izan litekeela ulertaraziko digu.

«Norberaren antolakuntzak bide kolektiboak sortzen ditu» : Soziabilitate-ereduak

Lopezen lanak askotan eskatzen du jendearen parte-hartzea. Are gehiago, bere obra parte-hartze horren inguruan antolatuta eta egituratuta dagoela esango genuke, eta gizartearen hainbat mailatako jendea bilduta, egoera ezohikoak, aurkakoak eta, hein handi batean, ezinezkoak eragiten ditu. Soziabilitate-eredu espezifikoak proposatuta, inspirazioa eragiten du jendearengan gauzak egin ditzaten: adibidez, Zumaian hondartzako toalla gorriak erabiltzeko, edo Guggenheim Bilbao museoaren eraikinaren behin-behineko luzapen bat egiteko (simulatzeko), edo Budapesteko Kateen Zubia desagerrarazteko Danubioaren kolore bereko aterkien azpian.
«Ataskora etorri zen pertsona bakoitzak arrazoi bat zuen etortzeko, eta horrek pizten dit interesa. Normalean manifestazio batera joaten zarenean hark aldarrikatzen duen ideiarekin edo ideologiarekin bat zatozelako izaten da» zioen Lopezek konferentzia batean Ataskoa lanari buruzko galdera bati erantzunez. Proiektu hori 2005ean egin zuen, Aralarren, eta herrialde osoko eta jatorri, talde, komunitate, klase, adin eta genero desberdinetako pertsonak bildu zituen, baita hura antolatu zen Intza udalerriko biztanleak ere. Elkarren aurkako ahotsak ere izan ziren bertan; alde batetik, auto-maitaleak edo bildumagileak, beren auto zaharrak erakusteko joan zirenak, eta, bestetik, ekologistak, ekitaldia autoaren kulturaren eta hark eragiten duen kutsaduraren aurka egiteko aukera gisa ikusi zutenak. Proiektu honetan talde ekologistek arrazoi politiko argi bat zutela badirudi ere, artistaren helburua ez da izaten artea eta aktibismoa lotzen dituzten proiektuak sortzea. Interes handiagoa du eredu mikrosozialetan, hortxe aurreikusten eta eraikitzen baititu pertsonen arteko topaketa ustekabeko, intimo eta paregabeak sortzeko aukerak.

«Artelan orok sortzen du errealitatearen esparrua iraultzen duen soziabilitate-eredu bat» Eta beraz, ekoizpen estetiko baten aurrean gaudenean, galdera hau egin diezaiokegu geure buruari: «Ematen al dit lan honek elkarrizketa bat ezartzeko aukera? Existitu ahalko nintzateke zehazten duen espazioan? Nola? Nicolas Bourriaud-ek bizikidetza-irizpidea proposatu zuen 1990eko hamarkadako artea «arte erlazional» gisa definitu zuenean. Bourriauden arabera «arte-praktika horien xede teorikoa gizakien arteko harremanen esparrua eta haien testuinguru soziala lirateke, espazio sinboliko, autonomo eta pribatu bat berrestea baino gehiago».
Artelanak bere ingurune fisikoarekin, hiritarrarekin, sozialarekin, politikoarekin eta ekonomikoarekin eta testuinguru historikoekin erlazionatzeko daukan gaitasuna eta publikoarekiko hartu-emana funtsezkoak dira, halaber, Lopezen lanean. Horrekin lotuta, Lopezen lana estetika erlazionalen esparruan sar daiteke. Nolanahi ere, bere proiektuen oinarria batik bat gizakien arteko harremanetan bitartekari izatea bada ere, bisualitatea eta forma ere artistaren proiektuen zati garrantzitsuak dira, estetika erlazionala formarekin lotuta. Jai-giroko topaketak antolatzen ditu, edo ekitaldietan oinarrituriko proiektuak mikro-sozializazioak sustatzeko. Sozializazio horiek beti dute alderdi bisual indartsu bat eta espazioaren antolakuntza formal handi bat, eta horregatik esaten dugu artelan berezi eta paregabeak direla haien emaitza.

Eguneroko bizitzaren politikak artikulatuta, kasu bakoitzean estrategia eta plan espezifikoak sortzen ditu gizartearen hainbat mailatako pertsonak nola eta zer baldintzatan bilduko diren eta ekingo duten ikertzeko eta probatzeko, bereziki bizi dugun garai zail hauetan. Dena dela, Lopezen praktika giza harremanak lantzetik edo publikoari aldaketarako bere gaitasuna gauzatzeko indarra emateko borondatetik harago doa. Behin-behineko egoerak sortzen ditu berezitasunak/subjektibotasunak lantzeko, eta aldi berean plataforma komun bat eraikitzen du haiek guztiak biltzeko eta batera ekin dezaten lortzeko.

Bizikidetza eta hibridotasuna dago bere lanaren atzean; esaterako 2007an Sharjahko 9. Bienalaren testuinguruan gauzatu zuen Football Field (Futbol zelaia) proiektuan. Bertan, hiriko plaza tradizional bat futbol-zelai bihurtu zuen baina, aldi berean, plazaren aurreko erabilera guztiei eutsi zien, baita bertako altzari guztiei ere –bankuak, farolak eta abar–, eta hala, futbol-jokalariak zein plazara joan ohi zen jendea baldintza berrietara egokitzera behartu zituen, baina ez hori bakarrik, egokitzeaz gain, hiriko espazio publikoen gaineko ezohiko esperientzia bat bizitzeko aukera eman zien, baita aparteko interakzioak eta komunikazioak lantzekoa ere. Arkitekturaren goitik beherako diseinuari eta funtzio zehatzei desafio eginez, alterazio eta esku-hartze txikien bitartez, gune publikoak berrasmatzen saiatzen da, publiko zabal baten ekintzen, erabileren eta eguneroko errutinen bitartez.

Batzuetan, leku/geografia baten testuinguru espaziala eta eduki espezifikoa hartzen ditu bere proiektuen abiapuntu gisa –Aralarreko mendiak, Herbehereetako polderrak edo Danubioren gaineko zubia–, eta ekitaldiak antolatzen ditu leku horietan. Beste batzuetan, ordea, behin-behineko gatazka mikro-sozial eta interakzio hibrido horietarako gaitasuna duten espazioak aurkitzen eta nabarmentzen ditu. In Situ (2012) lanarekin, esaterako, bederatzi espazio publiko bilatu zituen Urdaibain, topaketa laburretarako tartea ematen zutenak: jendea ur-botilak betetzera joaten den iturria, pertsonak hesiaren atzean itxarotera behartzen dituen trenbide-pasagunea, edo Bermeoko udaletxearen sarrerako bi bankuak, ohiz kanpoko topaketetarako bide ematen dutenak.

Bestalde, Istanbuleko 13. Bienalerako egin zuen Making Ways (Bideak egiten, 2013) lanarekin, istanbuldarren mugimendu kolektibo espontaneoak aztertu zituen Karaköyko oinezkoentzako pasabidean. Karaköy garraio gune nagusietako bat da hirian, eta oinezkoek eta zirkulazioak espazio bera partekatzen dute bertan. Lopezek airetik filmatu zuen pasabidea, material horrekin bideo bat egiteko; bertatik, 2013ko abuztuaren 2an, 2 minutuz eta 15 segundoz, 18:03tik 18:05era, oinezkoek ausaz hartutako ibilbide kolektiboak atera eta nabarmendu zituen. Istanbuldarren eguneroko jardunak ezkutatzen duen potentziala eta ohiko ekintza sinpleen bidez norberaren antolamendurako praktikak azaleratuta, «Erabiltzaileen gida» bat sortu zuen kaleak zeharkatzeko moduei buruzko jarraibideak emateko, eta, agian, zerbait gehiagorako: «Gauzak taldean egitea errazagoa » edo «Norberaren antolamenduak bide kolektiboak sortzen ditu».

«Hormak gure suposizioak biltzen ditu» :Errepresentazio-erregimenak

Gutako gehienok uste dugu bizitzako praktika komunak arautzen dituzten kontratu sozialak, espazialak eta konstituzionalak benetan beharrezkoak direla. Are gehiago, arkitekturaren, hirien (eraikitako inguruneak) eta bizi garen gizarteen arrazionaltasunean eta atzean dituzten arau zorrotzetan sinesten dugu. Ez ditugu zalantzan jartzen ez xehetasunik txikienak, ez konfigurazio handiagoak ere; aldiz, haiek gure egiten saiatzen gara. Uste sendo horiek abiapuntu gisa hartuta, Lopezen proiektuek hainbat leku eta egoera sortzen dituzte espazioarekin loturiko esperientzia bereziak eragiten dituztenak, baina, are gehiago, honakoaz jabetzeko aukera ematen digute: «zenbait gauza ez ikustea “adosten” dugula, edo bestela esanda, hainbat gauza ziurtzat ematen ditugula» .
Haien edukia eta testuingurua gorabehera, Lopezen proiektuek jendea eta espazioak dituzte xede, eta zehazki nola erlazionatzen diren batzuk besteekin. Lopezen praktikaren ardatza erlazio hori ia konturatu gabe azaleratzen duten esku-hartze espazialak dira; haien bitartez gure pertzepzioa aldatzen du, errepresentazio-erregimenen gaia publikoaren esperientziarekin lotuta. Galerietara edo museoetara joaten garenean, erakusketari buruzko gure apreziazioak eta komentarioak han ikusitako lanetan zentratzen dira gehienetan, eta ez horrenbeste guk haiek jasotzeko edo ikusteko dugun moduan: arte-lanak eta arkitektura. Normalean «kubo zuriaren» hormetan dauden lanak soilik ikusten ditugu guk, lanen forman eta edukian eragina izan dezakeen edozer konnotaziotik fisikoki bereizita eta isolatuta, eta ez diegu erreparatzen erakusketa antolatu den lekuaren arkitekturari ez antolamendu espazialari, ziurtzat ematen baitugu lanaren pertzepzio «garbia» errazten dutela. Are gehiago, gure pertzepzioa erabat garbia dela pentsatu ohi dugu, ezerk ez duela eraginik harengan. Brian O’Dohertyk honako hau adierazi zuen galerien espazioaren ideologiari buruzko bere liburu ikonikoan: «Galeriako horma erabat garbia, eboluzioaren produktu hauskor eta erabat espezializatua izan arren, ezpurua da. Merkataritza eta estetika ditu barnean, etika eta komenientzia, artista eta publikoa… Hormak gure usteak biltzen ditu (“The wall is our assumptions”)» .

Esku-hartze espazialen bitartez, Lopezek gure usteak eta itxaropenak etetea bilatzen du, publikoaren, arte-lanaren eta espazioaren arteko harremanean esku sartuta. Adibidez, lurzoru mugikor eta ezegonkorrak sortu zituen Veneziako 51. Bienaleko (2005) Italiako pabiloian sartu ziren pertsonen hasierako esperientzian eragiteko; 2007an, ARCO azokako proiekzio-aretoan, erakusketarako gune osoa hartzen zuten horma osagarriak egin zituen publikoa ia lekurik gabe utzita, arte-azoken alegoria gisa, eta erakusketarako gunea oztopatzeko 110 zutabe jarri zituen 2006an Caixa Forumen. Era berean, Koldo Mitxelena Kulturuneko beheko solairuan dagoen erakusketa-aretoan den bere proiektu berrienean, Tokialdatu (2015), normala baino lodiagoak diren erakusketa-guneko hormak bikoiztu egin ditu 140 cm aurrera mugituta eta 190 cm alde batera. Hala, publikoaren pertzepzioan esku hartzen du, espazioaren (edukiontzi gisa) eta artelanaren (eduki gisa) arteko harremana aldatuta: arkitektura artelan bilakatzen da. Hormen garaiera 50 cm denez, goitik ikus daitezkeen objektu eskultural abstraktu bilakatzen dira, eta agerian uzten dute hormen benetako tamaina eta eskala erakusketa-aretoaren planoarekiko.

Espazioaren semiotikari buruzko ikerketa Lopezek museoetarako sortu dituen hainbat proiektutan errepikatzen den gaia da. Galeria baten espazio osoa gure zelai bisual gisa ulertuta, Lopezek hainbat gailu teknikoren existentzia bera azpimarratu du esaterako; adibidez aire-girotuaren aparatuak edo zaintzarako gailuak, baita besterik gabe onartzen edo ziurtzat ematen ditugun seinaleak ere. Vigoko Marco museoan, segurtasunerako zeuden kameren kopurua biderkatu zuen 2008an, eta hala, kutsaduraz-edo museo guztitik zabaltzen diren onddoen antzeko organismoak imitatzen zituen instalazioa sortu zuen. 2008ko 5. Scape Bienalaren testuinguruan, Christchurch arte-galeriako seinaleei beste seinale batzuk erantsita, museoetako «erabilerraztasun» politiketan jarri zuen arreta, batzuetan beren helburuen mugetatik harago joaten direla azpimarratzeko.

Baina espazio fisikoei buruz dugun pertzepzioa aldatzeko, Lopezek ez du haien fisikotasunean bakarrik esku hartzen, gure pertzepzioan ere egiten du halakorik, ikuspegi-aldaketa arinen bitartez. 2008ko Off_Sight proiektuan deialdi ireki bat egin zien Christchurcheko (Zeelanda Berria) biztanleei hiriko aire-zabaleko merkataritza gune nagusian elkar zitezen, 2008ko irailaren 4an, hala, denden eta enpresen kaleko iragarkiak guztien artean ezkutatzeko. Eskuetan objektu arruntak zituen (aterkiak, lorontziak, urtebetetze-tartak, gitarrak, maletak edo globoak) jendearen kokapenak eta jarrerak koreografiatu zituen, betiere ikuspegi jakin batetik begiratuta, iragarki guztiak desagerrarazteko. Proiektuaren helburua ez zen soilik deialdi sozial baten bidez jende multzo bat biltzea bide publikoko seinaleak estaltzeko; artistaren hitzetan asmoa «pertsonak hiriko espazioa eraldatzeko eta hiria sortzeko duten gaitasunaz ohartaraztea» zen.
Ariketaren ondorioz lortutako eszena –eskuetan hainbat objektu dituen eta jarrera arraroetan dagoen jendez betea, besoak luzatzen, eserita, irakurtzen, oinez edo pibote baten gainean igota iragarkiak estaltzeko–, nekez gertatuko den egoera bat edo egoera absurdu bat izan arren, ekintzen bitartez –lehen begiratuan zentzugabeak badirudite ere– gure ingurunea eraldatzeko aukera erakusten digu.

«Jarraitu betaurrekoak dituen norbait nonbaitera iristen den arte» : Mapak sortzen

Egituraren eta kaosaren, arrazionalaren eta irrazionalaren, kausalitatearen eta kasualitatearen arteko harreman konplexuak markatzen du Lopezen lana, kointzidentziaren ustekabeko premia eta zoriak bizitzako gertaeretan duen eragina azpimarratuta. Agian inola ere gertatuko ez dela iruditzen zaigun hori izango da gertatzeko aukera gehien duena, baina, hala ere, hori ikertzeak pazientzia eta esfortzu itzela eskatzen du, 2006an Rotterdamen egin zuen egonaldian gauzaturiko Crossing proiektuan erakutsi bezala.
Batzuetan arkitekturako elementuen koloreak eta elementu horren aurretik igarotzen den pertsonen jantzien koloreak bat egiten zutela konturatuta, aurretik pasatzen den pertsona horren kamuflajea eragiten duen harreman horretan pentsatzen hasi zen. Hori gertatzeko aukerak areagotzeko, kolore berezia zuten jantziak zeramatzaten pertsonak begiztatu eta jarraitzen zituen kointzidentzia hori gertatu arte, edo kolore bitxiko eraikin bat bilatu eta han geratzen zen zain, eraikinaren kolore edo kolore-konbinazio bereko arropak zituen norbait igaro arte. Gertaera horien atzean araurik dagoen edo pertsonek eginiko kolore-aukerek arrazoi kulturalen bat ezkutatzen duten ulertzeko gai ez izan arren, behintzat badakigu zer prozesu dagoen halako proiektu baten atzean, eta nolako harremana izan duen artistak hiriarekin, leku batetik bestera «noraezean» ibilita, kolore baten ala bestearen atzetik edo bila. Artistak hirian barrena noraezean ibiltzeko jolas propioa sortuko du, Dérive kontzeptu situazionistari jarraiki, alegia hirian barrena ibilita helburu jakinik gabe, arkitekturako elementu batek edo leku bateko hiri-ehundurak edo kale baten espazio-antolamenduak sortutako sentimenduei bakarrik jarraituta, hiriaren mapa ofizialei jarraitu ordez; izan ere, mapa horiek merkataritzaren, turismoaren eta interes ideologikoen arabera kategoritzatzen dituzte hiriak, eta gainera, guk haietan dugun esperientzia mugatzen dute.

«Jarraitu betaurrekoak dituen norbait nonbaitera iristen den arte»: horixe da Jerusalemen 2009an egin zuen Another via proiekturako txarteletan irakur daitekeen jarraibideetako bat. Agindu zehatz horien bitartez, baina edozein hiritan edozein unetan aurki ditzakegun elementu oso arrunten arabera, Lopezek egitura jakin baten mugetatik askatu nahi gaitu hirian barrena noraezean ibiltzeko aske izan gaitezen, eta planeatu gabeko «planaz» goza dezagun. Internazionale Situazionista-ri eginiko omenaldia harago eraman zuen How do you live this space? (2010) lanean. Han Eskoziako Huntly herriko mapa «psikogeografiko» bat egin zuen bertako herritarren laguntzaz. Jendeari eskatu zion koloretako harriak jar zitzatela beraiek aukeraturiko herriko lekuetan, kode jakin batzuei jarraiki; adibidez, gorriak esan nahi zuen «leku hau aldatu edo hobetu nahiko nuke», eta urdinak «nire bizitzako gauza garrantzitsu bat gertatu zen hemen». Horretarako leku horiekin lotuta zituzten oroimenak eta esperientziak bakarrik hartu behar zituzten aintzat. Artistaren helburua guztion artean herriaren mapa kolektibo bat sortzea zen, bertako biztanleen pertzepzio subjektibo eta ikusezinak ikusgarri eginik.

Moving Stones (2015) proiektuan Kapadoziako Uçhisar herriko paisaiaren eraldaketa ikusezinari egingo dio erreferentzia. Bertako geografia bitxia da oso, leherketa bolkaniko itzelen eta beste fenomeno natural batzuen ondorioz formazio geologikoez ezohikoak baitaude eta harkaitzek ere egitura bigun eta oso espezifikoa baitute. Diotenez lurrazala 2-3 cm meheago egiten da urtero, euria, elurra eta haizea direla-eta. Paisaiaren aldaketa ikusezin baina nabarmen horrekin lotuta, ibilaldiak egiten zituen Lopezek egunero harriak leku batetik bestera eramateko. Planifikatu gabeko ibilbide espontaneo horiek dokumentatzeko GPS koordenatuak eta harriaren jatorrizko kokapena eta nora mugitu zen adierazten zuten argazki-pareak jaso zituen.
«Ez da harri berezi bat –dio Lopezek–, harri arrunt bat besterik ez; berezi bilakatzen da bakarrik hura aukeratzen eta gurekin garraiatzen dugun unean». Harriak ez dira baliotsuak ez bitxiak, eta haiek lekuz aldatzeak ez du ikusteko moduko aldaketarik eragiten paisaian. Italiatik munduko beste tokietara marmola mugitzen denean bezala, artea eta arkitektura sortzeko, edo obsidiana Anatoliatik, espekulaziorako eta gure begien bistatik kanpo dauden objektu ederrak sortzeko (hortaz, guretzat ikusezinak dira), halaxe egiten du Lopezek berak mugitu ezean leku berean ehunka edo milaka urtez –edo fenomeno natural itzel bat gertatu arte– geratuko litzatekeen lurreko materiala mugituta. Ikuspegi horretatik natura fisikoki aldatzen du, «neurtzeko moduan», eta behin betiko, eskala oso txiki batean izan arren. Eta hala gogorarazten digu gure ekintza txikienek ere ondorioak dituztela, nahitaez.

Detaile ñimiñoen bitartez, Lopezek inspiratu egiten gaitu bizi garen modua egituratzen duten harremanen sare konplexua trazatzeko eta askatzeko. Alferrikakoaren eta ezinezkoaren artean (baina inoiz ez garrantzigabea edo arina), irrazionalaren eta ustekabekoaren artean (baina inoiz ez zentzugabea edo arrazoigabea), eta eguneroko bizitzaren arrunkeriaren eta galdera metafisiko eta existentzialen artean (baina beti argitasunez), Lopezen proiektuek askatu egiten dituzte errealitatearen loturak hura eralda dezaketen irudizkoaren aukerak erakusteko.

Anne–Claire Schmitz: Polder Cup, 2011

Witte de With zentroak eta SKOR fundazioak Between You an I sailerako proiektu bat sortzeko egindako gonbidapenari erantzun zionean, ez gintuen harritu Maider Lópezek espazio publikoarekin, berez, artearekin lotuta ez dagoen espazio publikoarekin, zuzenago konprometitzera eramaten gintuen lana proposatu izana. Eta agerikoa da jarrera artistiko horiek oztopo praktikoak eta ideologikoak eragiten dizkietela erakundeei. Witte de With gisako erakunde publikoek ezagutzen dute «publiko egiteko» nahiaren eta alor populistetan erortzearen, artera ikuspegi erabilgarri batetik hurbiltzearen, arteko oreka aurkitzearen zailtasuna.

Gure ustez, Maider Lópezen proposamenak, Polder Cup izenekoak, lortzen du bi muturren artean gelditzea, zehazki, proiektuak arte garaikideko erakunde bati beste hartzaile batzuekin konprometitzeko eta konektatzeko erronka egiten diolako. Between You and I proiektua babesten eta bultzatzen duten artearen diskurtso ikuspegiari presentzia publiko handiagoa emateko asmoz abiarazi zuten Witte de With zentroak eta SKOR fundazioak.

Zergatik, pentsa dezake norbaitek, erabaki du Witte de With zentroak Herbehereetako polderretan antolatutako futbol txapelketa baten inguruan egituratutako proiektu batean parte hartzea, batzuetan elitismo kulturala egozten bazaio? Benetan uste dugulako Maider Lopezen jarduerak aktibatuko duela futbolaren lengoaia unibertsala eta polderren paisaia tradizionalaren boterea, espazio publikoa berregokitzeko, berrinterpretatzeko eta eraldatzeko.

Hain partaidetza irekia duten proiektuak apartak dira, askotariko interpretazio potentzialari ateak irekitzen diotelako. Gauzatze prozesuan, jabari publikoa (boluntarioak, jokalariak, bisitariak, jarraitzaileak, hedabideak, etab.) askotan egin zen Polder Cupen jabe, batzuetan aktiboki. Polder Cup ez litzateke existituko jabe izatearen kontzepturik gabe, parte hartzaileen esperientziarekin sortu baita, hau da: hedabideena, proiektuaren berri masan eman zutenena, proiektuak Herbehereetako paisaia eraldatzen izan zuen eragina nabarmendu zutenena eta esperientzia berdinik gabeko kirol gertaeratzat jo zutenena; beren motibazioa eta jakin mina boluntariotza esperientzia bilakatu zuten berrogeitik gora lagunena; futbol taldeak sortu zituzten banakoena edo artistena, arkitektoena, lankideena, ikasleena, herritarrena, tabernako lagunena, futbol jokalariena eta abarrena, artearen, paisaiaren, laguntasunaren edo herri espirituaren alde edo ondo pasatzeko soilik jokatu zutenena. «Kolektibitate» soil batean parte hartzetik urrun, protagonista horietako bakoitzak Polder Cup aktibatu zuen, aktiboki konprometitutako jarreren aniztasuna sortuz.

 

Anne–Claire Schmitz — Witte de With

 

Ixiar Rozas: In Situ, 2012

DIE URSACHE. GAUZAK

1. Iturriondo iturria. Gernika

Gorputz bat alde batetik bestera dabil, urrats bakoitzaren erritmoan. Goiza ederra da, zehazki zer ordu den ez dakit, buruan bisera jantzi eta kalera noa, idazkien gela atzean utzita. [1] Urratsak, marrak espazioan, marrak denboran, kontakizuna osatzen. Handik pixka batera iturri batera iristen naiz. Diotenez, Maritxuk Bartoloz eta Bartolok Maritxuz janztea erabaki zuten, eta horrela beren buruari auto- ospakizuna eskaini zioten, kanta tradizionaletik abiatuta kanta berri bat sortuz. Kanta malgua eta porotsua zen, zeruko koru batek kantatzeko modukoa, baina karaoke dekadente batean ere kantatzeko modukoa. Iturri bat balitz bezala kantatu zuten, etengabeko mantra batean. Txakur bat freskatzen ari da, iturri batean. Hodeiei begira dago. Zenbaitetan ura, hain gaizki tratatzen dugun ondasun komun hori, matxinatu egiten da, eta orduan bere alderik ez- otzanena erakusten digu. Uholdeak ez dira, ordea, naturaren apetak. Imajinatzen dut lurralde bat ur azpian murgilduta urteko egun guztietan, edozein hiri ikusezin bihurtuta. Txakurrak harri bat zapaldu du. Bete iturri bat ardo zuriz, eta joaten utzi.

2. Trenbide-pasagunea. Gernika

Hemen ezkontza bat antolatu nahi nuke. Errege-ezkontza bat errege-erreginik gabe. Errailen gainean harrapatuta geratzeko zorian egon diren guztiak elkartuko lituzke ospakizunak. Bizirik atera diren guztiak. Ezkontza ospatzeko, bizirik ateratako guztiak bilduko lirateke alde batean, eta bestean, berriz, bere garaian trenbidea egin zutenak, ahanzturaren lerroak bereiziak. Zeremonia “Nik… izendatzen zaituztet” esamoldearekin amaituko litzateke. Aldez aurretik pentsatu gabe idatzi dut testu hau, eta bere horretan utziko nuke berriz ere idatzi beharko banu.

3. Rosarioren postua. Merkatu plaza. Gernika

Argazki-albumak antigoaleko gauzak direla pentsa dezake norbaitek. Hainbat gorputzek osatutako albuma, hainbat aurpegi, esku, oin, azkazal, hortz, ile, hezur eta hezur-muin, eta hori immaterialaren aroaren erdian, gorputzik, usainik eta errairik gabeko garaian, zure haragiak eta nireak, gauaren iluntasunean. Bete espazio angeluluze bat, egunean behin. Bete espazio hori, gorputzez eta gauzez bete ere. Jarri angeluluzearen erdian, eta handik begiratu beren presentziarekin bermatzen diren bizitzen angelu guztietara.

4. Postontzia. Betrokolo. Mundaka

Postontzia inurri eta intsektuentzako etxea ere izan daiteke. Bidean noa, eta, aurrera egin ahala, denboren eta espazioen lerro bat marrazten dut, inurri eta intsektuentzako diagrama moduko bat. Testu ezagun bateko esaldi bat hartu eta eraldatu egiten dut. Out of the redness comes the blue. [2] Begiratu postontziaren barrutik kanpora. Uraren zurrumurrua entzun dezaket. Oso erreka emankorra dirudi. Txakur-zaunkak, zenbait txakur. Koreografia mugikor honetan eszenan jartzerik ez dago, eta egoera urratsez urrats osatzen da. Out of the blue comes the redness ere esan nezake, eta gauzek emakume-ukitu arina, haragi-usainduna, eduki dezaketela pentsatu.

5. Txatxarramendiko arrokak

Hari, medusari, burua ebaki zioten. Ederra zelako, eta babes-ezkutu gisa erabili nahi zutelako. Harrezkero, medusaren mitoa edertasunaren ikur izan da, baina baita ankerkeriaren adierazgarri ere. Ezkutu bihurturik, zaindaria da, babeslea. Antza denez, hizkuntza, hitzak harrizkoak bihur daitezke, aurrez aurre begiratzen ez badiegu. Dirudienez, dirua harrizkoa da denbora askoan aurrez aurre begiratu diogulako, eta zain omen dago, norbait askatzera noiz etorriko. Hura, bururik gabeko maskara, bururik gabeko gorputz baten bila dabilen maskara. Itsasertzean aurkitu dugu. Hortxe dago, eta orain arroka batetik begiratzen digu.

6. Laidarako ontzia. Txorrokopunta. Mundaka

Bere haurtzaroko oroitzapenen bat kontatzeko eskatzen diot norbaiti, hementxe hasten den oroitzapen bat. “Beti esaten didate jaio eta berehala hartu nuela itsasontzia, bost egun baino ez nituenean. Besoak asko mugitzen omen nituen, eta, azkazal luzeak neuzkanez, zauri bat egin nuen, eta negar batean hasi nintzen, ozenki. Aldamenean eserita zegoen emakumeak, ordea, paisaiaz gozatu nahi zuen, eta nire negarrak traba egiten zion. Emakumea tokiz aldatu zen eta nik negarrari utzi nion, baina ordurako iritsiak ginen”.

7. Baranda, Talaia. Mundaka

Baranda bat modu askotara erabil daiteke:

  1. Baranda ukituz
  2. Barandaren gainean txirristatuz
  3. Haren gainean oin-puntetan ibiliz
  4. Ukitu gabe, aurretik igaroz
  5. Barandatik zintzilikatuz
  6. Hura zurrupatuz
  7. Haren gainean etzanez
  8. Hura apurtuz
  9. Burdina puska bat hartuz
  10. Burdina puska horretaz galtzadarri bat hautsiz
  11. Burdina puska horretaz norbait joz
  12. Burdina puska horretaz norbait joz, minik eragin gabe
  13. Haren gainean patinatuz
  14. Olioz igurtzi ondoren, haren gainean kozinatuz
  15. Oihal batez estaliz, babeslekua egiteko

8. Frontoia, Talaia. Mundaka

Behin batean eskua jarri nuen euskal artista baten eskultura baten gainean. Toki metafisikoa zen, frontoi-itxura zuena. Burdina hotz zegoen. Denborak eta urteek bereizten gintuzten, baita irudizko pilota baten mugimendu azkarrak ere, angeluzuzeneko bi hormen artean ziharduena.  Hustutako espazio hori bete nahi nuen eskuaz, horror vacui konpultsibo batean. Norbait poliki-poliki doa, frontoiko alde batetik bestera. Handik, beren presentziarekin bermatzen diren bizitza batzuetako angelu guztietara begiratzen du. Hutsunea gauzez ere bete zen. Die Ursache, kausa, Ursache-rik ez dago [3]. Gauzak irristatu egite dira, eta bertan jarraitzen dute artean.

9. Bermeoko Udala

Joseba Sarrionaindiak idatzi duenez, moroak gara, moroak behelaino artean. Dioenez, gu ere moroak gara, besteentzat guztiok ere moroak baikara. Moro onak eta moro gaiztoak daude, idazten du. “Moro guztiak ez dira berdinak, euskaldun guztiak ez dira berdinak. Zu beltza zara esaten dute etxeko nagusiek, beltzak beltz guztiak hain beltzak ez direla esan behar izan dezan”. [4] Ahanzturaren marrak bereizitako marinelak. Die Ursache, kausa. (Ur)gauza, ur-gauza. Uraren zurrumurrua entzun dezaket. Behin batean atopiaren inguruan idatzi nuen, eraldaketaren bat? deusen truke zerbait aldatzea? ekar lezaketen espazio eta utopien gabezia adierazteko. Gogoan dut honako hitz hauek idatzi nituela: atopian bizi gara gure herri eta hirietako kale gero eta pribatizatuagoetan, gure oinen azpiko lurra mugitzen delako sentsazioarekin, egonezin epidermiko batean. Orain, nonahi zaudela ere, espero dut zuri irakurtzen jarraitzea, baina, batez ere, itxaroten dut. Gure begiek elkar ukitzen dutenean, gaua edo eguna da?


[1] Robert Walser-en El paseo (1997, Siruela, Madril) eleberriaren hasieraren interpretazioa.

[2] “Out of kindness comes redness” [Adeitasunaren haritik gorritasuna dator] esaldiaz ari naiz,  Gertrude Stein-en Tender buttons: objects, food, rooms (1914) liburuko pasarte batetik ateratakoa.

[3] Hélène Cixous-en El amor del lobo y otros remordimientos (2009) liburuaren pasarte baten interpretazioa. Azken horrek Thomas Bernhard-en autobiografia baten aipamena dakar berekin.

[4] Sarrionandia, Joseba : Moroak gara behelaino artean? 2010, Pamiela, Iruñea, 702. orr.

 

proiektua

Theo Tegelaers: Polder Cup, 2011

Futbola polderretan

Maider Lópezen  Polder Cup proiektua Witte de With Arte Garaikideko Zentroaren eta SKOR | Arte eta Jabari Publikoko Fundazioaren lankidetzaren ondorioz sortu zen. 2009an, bi erakundeek elkarrekin lan egitea erabaki zuten Between You and I proiektuan. Witte de With zentroaren fatxadarako sortu zuten eta jabari publikoaren eta instituzionalaren mugarekin jokatzea zuen helburu. Ikusleen eta publiko orokorraren arteko interfazea sortu zen eraikinaren fatxada erabiliz, Witte de Withen epe luzeko eta moralitateari buruzko programa baten publizitate panel gisa.

Maider Lópezek denbora batez Witte de Witheko fatxada estaltzeko aukera aprobetxatu zuen, jabari publikoan lan egiten duen arte garaikideko erakusketa erakunde baten asmoak ebaluatzeko modu bezala. Jabari publikoan espezializatutako SKOR fundazioaren parte hartzeak haren aukera legitimatu zuen hein handi batean. Lopezen proposamenak sinplea ematen zuen; futbol txapelketa bat antolatzea Herbehereetako paisaiaren elementu ikonografikoenetako batean, polder batean, alegia. Hasieran, ez zirudien oso kokapen harrigarria, baina proiektua gauzatu bitartean, argi gelditu zen kontuz pentsatutako estrategia baten emaitza zela. Maider Lopezek polder batean irudikatutako futbol zelaien argazkiarekin osatutako banner erraldoia eseki zuen Witte de Withen fatxadan. Proiektuaren berri ez ezik, kokalekuaren berri ere ematen zuen, Graafstroom herritik gertu dagoen Ottoland-eko polderra. Witte de With koordinazio zentro bihurtu zen eta parte hartu edo boluntariotza lanak egin nahi zituztenek bertara jo behar zuten.

SKOR eta Witte de With polderrean konprometitu behar ziren gizarte testu inguru berri batekin, eta futbolak jatorri ezberdinetako pertsonak biltzeko bide izan behar zuen.

Kontsultarako kulturarengatik dira ezagunak herbeheretarrak. Hau da, eztabaidaren bitartez adostasuna bilatzen saiatzen dira parte hartzen duten guztiei ahalik eta kalte gutxiena eginda. Hala, fenomeno hori gehiegizko erregulazioaren bidez adierazten da askotan espazio publikoan, eta ondorioz, ez dago ia tokirik interpretazio espontaneo eta anbiguoetarako. Adostasunaren kulturak oso toki gutxi uzten du banako interpretazioetarako, erregulazioek berehala zapuzten dituztelako. Erregulazioak nork zehazten dituen eta nola ezartzen diren erabakitzeko eztabaida eta negoziazio luze eta astunak ikuspegi honen ezaugarri dira.

Maider Lópezek espero du Polder Cup proiektuak aldatu egingo dituela polder paisaietan ohikoak diren familia jarduerak eta nekazaritza jarduera, eta aisialdirako funtzioa eman nahi dio, kasu honetan, futbol zelai moduan. Hori egiterakoan, irudiaren boterearen eta inpaktu bisualaren alde egin zuen. Izan ere, lana iruditik abiatuta gauzatu zen.  Espazio publikoan lan egiten du, espazioaren zuzendari moduan. Proiektuak egiteko aukeratzen dituen tokiak aldi baterako estudio bezala hartzen ditu, eta lehenik, antolatu egin behar ditu. Horrek prestakuntza fasean xehetasunei izugarrizko arreta jartzea eskatzen dio, baita, noski, Polder Cup gauzatzerakoan ere. Gainera, gizarte testuinguruak ere funtzio garrantzitsua du. Gertaera irekia eta ezohikoa denez, parte hartzeko jarrera ausarta eta irekia duen jendea erakarri du.

Partaide batzuentzat ondo antolatutako gertaera batez eta egun dibertigarri, lasaigarri eta elkarrekin egoteaz gozatzeko aukera besterik ez da izango Polder Cup. Besteek, ordea, agian ikusiko dituzte proiektuak sortzen dituen balizko ondorioak. Eta Lópezen helburu nagusia irudi berriak sortzea da, artearen gizarte faktoreei, publikoak espazio publikoan duen funtzioari eta kolektiboaren eta banakoaren arteko harremanari buruzko galderak eragiteko boterea duten irudiak.

Espazio publikoa antolatzerakoan, askotan saihestu egiten dugu espazio publikoak beharrezko baldintzak betetzen dituenaren eztabaida. Adibidez, espazio publikoan egindako aldaketek ematen al dute aukera aurreikusi gabeko erabileretarako? Gainera, batzuetan ez dugu nabaritzen aldaketa horiek zer eragin duten gizartearen jarreran.  Zenbateraino gidatzen du espazio publikoak gure jarrera?

Maider Lópezek ohiko jarrera ereduak hautsi nahi ditu espazio publikoan egiten dituen proiektuen eta gertaeren bidez. Arau berriak ezartzen ditu jendea banako eta komunitate bateko kide gisa zuzentzeko. Proiektuek interakzioa eta komunikazioa bultzatzen dute. Artisten eta arte erakundeen arteko, gobernuen eta gizarte taldeen arteko eta, azken aldian, banakoen arteko komunikazioa funtsezko elementuak dira bere lanean. Testuinguru horretan, bisualki erakargarriak diren irudiak ezinbesteko funtzioa izan dezakete.

 

Theo Tegelaers

 

proeiktua

Ilse van Rijn: Polder Cup, 2011

Jolas nahasia

Rotterdam erdialdean dagoen Witte de With arte institutuaren fatxada kolore berde biziko kartel batekin zegoen estalita; bertan, ubide zuzenek gurutzatutako eta lerro zuriz markatutako belardien irudia ikus zitekeen. Belardi guztiek batera lau futbol zelai osatzen zituzten, handi bat eta hiru txikiago, eta klarion-lerroek irregularrak ziruditen ubideen lerro zuzen guztiz perfektuekin alderatuta. Ubideek bloke asimetrikoetan banatzen zituzten zuloz eta koskorrez beteriko jolas-eremuak. Kartelak polderrean egingo zen futbol txapelketan parte hartzeko gonbita luzatzen zien oinezkoei, baina jolas-eremu ezohikoek argi uzten zuten arauak egoera bereziari egokitu beharko zitzaizkiola.

Oinezkoek aurre egin behar zieten arauen aldaketari eta paisaia ezagunaren hausturari. Futbol-zelaiek birbanatu egiten zuten zatitutako polderren paisaia ezaguna, eta paisaia nederlandar honen ezaugarri tipiko diren ubideek eta lur zingiratsuek jokoa jolasteko modua baldintzatzen zuten. Lana Witte de With egoitzan iragartzeak ere eztabaidagai bilakatu zuen arte institutua bera, eta birdefinitu egin zuen haren izaera. Alde batetik, kartel handiko paisaia ikusgarriak kontraste izugarria egiten zuen institutuaren arkitekturarekin, eta, bestetik, kirol-jardueraren poster itzelak Arte Garaikideko Zentroari funtzio berria ematen zion inplizituki: txapelketaren informazio-zentro ofizial izatekoa, alegia. Jokatu nahi zutenek bertan eman behar zuten izena, eta parte-hartzaileak Graafstroom barrutiko Ottolandeko joko-eremura eramango zituen eta bertatik ekarriko zituen autobusa ere institututik irtengo zen. Witte de Witheko ekitaldiak Maider López (1975) artistak SKOR fundazioaren eta Witte de Witheren eskutik garaturiko Polder Cup proiektuaren barruan zeuden bilduta.

Parte-hartzaileek bakarka edo taldean eman zezaketen izena futbol-txapelketan. Polder Cupeko talde bakoitzak bere izena aukera zezakeen eta taldeko kamiseta bat jasotzen zuten kideek. Arbitroek partidak garbi jokatzen zirela zaintzen zuten eta aurkezle batek jakinarazten zuen nork egon behar zuen non eta zer ordutan. Jokaldi bakoitzaren ostean gol kopuruaren berri ematen zuen, lehenengo final-laurdenetan, gero finalaurrekoan eta, azkenik, finalean: «Eta honako hau izan da irabazlea: …». Futbol-zelaien mugak ezartzeko klerazko marrez gain, kornerreko banderak zeuden, baita arauzko futbol-ateak ere. Ubideetan amaitzen zuten pilotak sareekin berreskuratzen zituzten eta huts egindako jaurtiketak salabardoak, kanoak eta arraunak erabilita ateratzen zituzten ur ertzetik. Ikusleek taldeak animatzen zituzten tribunetatik eta ogitarteko, tarta eta freskagarririk ez zen falta. Ekitaldia kontu handiz koordinatu zuten eta oso gauza gutxi utzi zuten lotu gabe. Txapelketa horrenbesteko arduraz antolatu izanak jokoan bete-betean sartzeko aukera eman zien jokalariei.[i] Atsedenaldietan, gainera, jendeak ubideen alde batetik bestera salto egin zezakeen ondo pasatzeko eta Holandako kirol tradizionala praktikatzeko. Giroa ikaragarri ona izan zen, eta eguraldia ere portatu zen. Maider Lópezek egunean eginiko bideoetako batean bi traktore ikus ditzakegu triki-traka eremua igarotzen, atzean zeru urdin argia dutela.

Alde batetik, jokoak aktibatu eta eguneratu egin zuen ubideek eta belardiek osaturiko polderren paisaia geometrikoa, eta izaera berezia eman zion. De Certeau-ren hitzetan, ekitaldiak leku (lieu) egonkor eta erabatekoa espazio (espace) dinamiko bilakatu zuen.[ii] Bestalde, Lópezen metrajeak erakusten duen bezala, futbol-partidak polderretan kokatzeak oso bestelako itxura eman zion paisaia zabalari. Izan ere, jokoak laburki zeharkatu eta eten zuen polderren paisaia ezaguna. Jokalariek eguneroko kezkak alde batera utzi eta uneaz gozatu zuten. Maider Lópezen lan guztietan bezala, Polder Cupen ere, testuingurua edo atzeko oihala burutsua izan zen oso.

Ekitaldiaren izaera publikoak edo bere proiektuen esperientzia partekatu izugarriak ahantzarazi egin diezagukeen arren, elementu bisuala ezinbestekoa da Lópezen lanean. Alderdi formalari erreparatuta, Polder Cup lanak gogora ekartzen digu Euskal Herriko mendietan eginiko Ataskoa (2005). Irratian, egunkarietan, eta flyerrak eta posterrak banatuta eginiko deialdiari jarraiki 160 gidari bildu ziren beren autoekin Aralarretik gertu, Intzan (Nafarroa), 2005eko irailaren 18an. Igande hartan, ibilgailuek errepidea blokeatu zuten lau orduz.[iii] Auto-ilara zentzugabeak girlanda koloretsu eta dirdiratsua osatzen zuen mendi-magalean. Polder Cupek bezalaxe, Ataskoa ingurune natural batean kokatzen zen eta paisaia eguneratzen, edertzen eta nabarmentzen zuen, eta harekiko elkarrizketa irekitzen zuen. Jarduera itxuraz espontaneoak gizabanakoen parte-hartzetik eta lankidetzatik ateratzen du indarra.

Polder Cup 2010eko Munduko Futbol Txapelketan zehar egin zen, txapelketa ofizialarekin kontrastea egiteko asmoz. Kirolak ikuskizun bilakatu izana kritikatzen zuen, eta haren testuinguru praktiko zentzugabeak eta arau zoroek (estandar profesionalen arabera) joko ofiziala parodiatzen zuten. Belar luzeak, polenak eta lur lohitsuek mugatu egiten zituzten jokalarien mugimenduak Polder Cupen. Ubideek zelaiak zeharkatzen zituzten eta gainera, ura egoteak jokoaren arau ofizialak «zuzendu» beharra zekarren. Jokalariek ezin zuten ubideen alde batetik bestera salto egin, eta, ondorioz, defentsa batek ezin zuen inoiz zelaiaren beste aldera joan. Horregatik, jokalariek aztertu eta berrikusi egin behar izan zituzten beren taktikak eta estrategia berriak diseinatu unean-unean, haiek formalizatzeko aukerarik izan gabe. Are gehiago, zelai guztiak desberdinak ziren, eta horrek interakzio modu berriak sorrarazi zituen talde jakin bateko erasotzaileen eta defentsen artean, baita talde lehiakideen artean ere. Ondorioz, (futboleko) hizkera berria sortu zuten.

Galdera ezinbestekoa da: Zer joko mota ari ziren jolasten Lópezen Polder Cup proiektuan? Ataskoak bezala, lan honek pertsona-talde batek talde gisa lor dezakeena erakusten digu, baina, horrez gain, orain eta hemen gaiaren inguruan eta joko jakin baten tradizioaren edo, oro har, kirolen inguruan hausnartzeko tartea irekitzen digu. Are gehiago, AdosAdos (2007) lanean bezalaxe –gogora dezagun lan horretan Lópezek eta Guggenheim Museoaren Lagunek museoarentzat behin-behineko galeria sortu zutela–, Polder Cupek arte institutuaren egitura instituzionala eta mugak aztergai bilakatzen ditu. Polder Cupek kartel berdearen bitartez eta hark Witte de With arte gunearentzat ekarri zituen inplikazioen bitartez lortu zuen. AdosAdosen kasuan, kide bakoitzari museoa estaltzen duen material berarekin, alegia, titanioarekin, eginak ziruditen panel bana emanez lortu zuen. Parte-hartzaileak antolatzeko modu espezifikoaz baliatuta eraikina luzatzea lortu zuten, eta egitura osagarria kideen babesaren isla bilakatu zen (zentzu arkitektonikoan). Polder Cupen, futbol-jokoa amaigabeko negoziazioaren mende dago. Holandako kultura burokratiko ezagunari eginiko keinua da; sistema honi «polder eredu» ere deitu ohi zaio eta horri egiten dio erreferentzia metaforikoki polderren paisaian kokatzeak.

Esan genezake Polder Cupek bi proposamen biltzen dituela: jolasa batetik, eta proposamen serioa, bestetik. Lanak gure eguneroko errealitatean esku hartzen du. Jokoan testuinguru eta ikuspegi oso desberdinetako pertsonek parte hartu zuten: futbol-jokalari amateurrek, artearen maitaleek, herri txikietako biztanleek eta hirietakoek, artistek eta kuradoreek. Guztiak ere, ekitaldirako bereziki sorturiko arau ezohikoen mende. Jokalarien aniztasunak ekintza autonomoaren eta parte hartzeko motibazio pertsonalaren inguruko gaiak azpimarratzen ditu. Baina futbol txapelketak erakusten du forma eta egoera arruntetara (landaguneko edo hirietako espazio publikoak, joko bat edo elkarte bat) ezohiko moduetan hurbil gaitezkeela edo haiek egokitzeko aukera dugula.

Horregatik, Polder Cup aldaketarako bidea irekitzen duen aukera gisa har daiteke. Baina ez du gai bakarra aurkezten; joko kontzeptual gisa antzezpen bat ere bada. Ezer baino lehen, futbol torneo batean «ikusleak dira aktoreak», Franz Erhard Walther[iv] artista alemaniarraren hitzetan (sarritan, Lópezen lana harenarekin konparatu izan dute). Baina Polder Cup ikusleria handiago batengana ere zuzentzen da. Esan genezake, nolabait, futbol partida baten izaera itxia bermatzen duten eta jokalaria jokoan erabat zentratzea ziurtatzen duten lau hormetako bat hausten duela. Bikoizketa bat gertatzen da: Polder Cupen partidaren jarraitzailea bikoiztu egiten da Lópezek hartutako ekitaldiaren irudiei erreparatzen dien ikusleagan. Horrek ahuldu egiten du jokoaren egitura bereizgarria eta, umoreaz baliatuta, zalantzan jartzen du haren «seriotasuna».

Futbol txapelketaren argazkien eta filmen ikuslea ere «ahuldu» egiten da. Irudietako eszenaratze ezohikoak filmetako plato bat ekartzen digu gogora, eta filmatutako materialak eta argazkiek –futboleko kromoei eta kiroletako estaldurari erreferentzia egiten diote– iradokitzen digute ikuslea partidaren ondorengo emaitzak ikusten ari den fana dela. Berriz ere, argi geratzen da kontrakoak itxuraz bakarrik direla kontrako. Aurkariak elkarrekin jartzerakoan, bat egiten dute eta ezarritako egiturak hausteko eta konbentzionalismoak desegiteko gai dira. Futbol jokoa metafora eraginkorra da rol desantolatzaile hori azaleratzeko. Hans-Georg Gadamer filosofo alemaniarraren hitzetan «pilota-jokoak beti egongo dira gure artean, pilotak edozein norabidetan mugitzeko askatasun osoa duelako, eta bere kabuz gauza harrigarriak egiten dituelako».[v] Maider Lópezen Polder Cupen ez dago kategoriarik, eta kontrasteek ustekabeko sigi-sagak eta birak sortzen dituzte.

 

Ilse van Rijn

2011ko apirila


Oharrak

[i] ‘Play fulfils its purpose only if the player loses himself in play. […] seriousness in playing is necessary to make the play wholly play’, in: Gadamer, Hans-Georg; Truth and Method. Continuum, Londres/New York, 2006 [1975], 103. or.

[ii]Space is a practiced place.’ De Certeau, Michel; The Practice of Everyday Life. University of California Press, Berkeley, Los Angeles, Londres, 1988 [1984], 117. or.

[iii] Garraio publikoari buruz hitz egiten ez duen arren, De Certeauren «Spatial Stories» kapituluaren hasiera oso egokia da kasu honetan: ‘In modern Athens, the vehicles of mass transport are called metaphorai. To go to work or come home, one takes a “metaphor” – a bus or a train.’ De Certeau, 1988 [1984], 115. or.

[iv] Franz Erhard Walther, De Ateliers-en emandako hitzaldia, Amsterdam, 2011ko apirilak 19. Rosa Martínezek Lópezen lana Walther-enarekin konparatu izan du. Ikus «Maider López», in: Guggenheim Museum Bilbao Collection. Tf. Editores/Guggenheim Museum Bilbao, Madril/Bilbo, 2010, 476–79. or.

[v] In: Gadamer, 2006 [1975], 106. or.

 

(Español) Belen Ruiz Garrido, 2009

Testu hau ez dago eskuragarri. Irakurri dezakezu honako hizkuntzetan: Espainiera (Europa)

(Español) Pablo Fanego y Pedro de Llano, 2008

Testu hau ez dago eskuragarri. Irakurri dezakezu honako hizkuntzetan: Espainiera (Europa) eta Ingelesa (Aeb)

Tania Pardo, 2005

Paseoan… Leiho baten istorioa

Norabiderik gabeko ibilitxo bat egitera irtetzen naizenetan ez dut sekula ere goruntz begiratzen. Horizontaltasuna marratzen duten lerroez nazkatzen naizenetan soilik, hasi ohi naiz gora begiratu eta bertikaltasunaren bila.

Jakina, New York bezalako hiri baten eskaintza ugaria bezain anitza da; mugarik gabeko lerroak infinitoruntz eta informazio gehiegi begiaurrean

kale estu eta hiri txikietara ohituriko edonorentzat. Dena den, nik bilatzen segi nuen, lerro guzti hauek jarraitzen nituen, lerro guztiak harrapatu nahi nituen…ezinezkoa gertatuz. Aukera bakarra lerroak nik neuk asmatzea zela ohartuz.

Itsutzeari utzi eta lerro hauek bilatzeko erarik egokiena leihoak neurtzea zela erabaki nuen. Bestaldean gertatzen zena ikusi eta nire espazio edo gunea sortzea, hiriaren gaueko argiak jarraitzea. Erraza zirudien. Gaua iritsi heinean hiria argiz beteko zen, eraikuntzak argiztatuko zituzten, beraz, leihora hurbildu eta beste leihoak behatu nitzazkeen eta pentsatu…bestaldean aurkitu zitezkeen bizitzei buruz pentsatu. Modu horretan nire paisai propioa sortu nuen eta nola ez, nik neuk mugatu nuen  nire ingurua. Nire leihoa, ilkusten nuen guztiaren marku bilakatu zen, nire espazioaren mugan. Orain dena zen errazagoa. Aspaldidanik kolorea izan da nire geografia artistikoaren norabide, orain ordea argia bihurtu da nire kezka, gauak sorturiko argiak harrapatu beharra. Horretarako, zentzu geometriko guzti hori jasotzeko,  nahikoa zatekeen laranja koloreko zinta bat, ezer ez zen izango lehen bezala.

Hau beraz, leiho baten istorioa da. Bestaldean dagoena, kanpokaldeko paisaia, sortu eta isladatzeko erabilitako leihoaren istorioa. Bestaldea (bestea) behatuz gu geu behatzen, ikusten, garenaren ariketa. Hemen eta orain objetu bat erabiltzen dugu  bestaldea ikusteko, bestaldea behatzeko, baina beti ere gure aldea ( norbera ) behatzeari utzi gabe.

Lerro horizontal zein bertikalen erabilera, forma geometrikoen sortzea, ohikoa dugu Maider Lopezen lanetan. Non lerroen erabilpena, forma geometrikoen bilatze nahia, espazioaren inguruko erreflexioak besterik ez diren.

Tania Pardo

Sergio Rubira, 2005

Zertan desberdintzen da kamuflaia mozorroaz?

 

Kamuflaia: kamuflatu aditzaren  akzioa.

Kamuflatu: Armak, tropak, gerra material, itsasontzi…presentzia disimulatu etsaia engaina daitekeenaren itxura emanaz // 2. Gauza  bati beste baten itxura emanez disimulatu.

Mozorroa: Gauza bat itxuraldatzeko erabiltzen diren iaiotasunak ezagutua  izan ez dadin. // 2. Inhauterietan eta bestelako jai batzuetan norbaiten itxura izateko jartzen diren jantzi eta bestelako elementuen multzoa. // 3. Sentitzen dugunarekiko desberdina den zerbait azalaraztea.

Mozorrotu: Pertsona edo gauzen itxuraldaketa ezagutuak izan ez daitezen. // 2. Disimulatu, hitzez eta adierazpenez sentitzen dena itxuraldatu. // 3. Ihauteri jantziz jaztea.

 

Hizkuntzak beti ditu tranpak, liluratzen nauten tranpak, eta idazten ditudan testuetan hiztegia ( barneratzen dituen esanahiak ) erabiltzearen erantzute egiten nauten arren ezin dut saihestu, baliagarri gertatzen zait, argigarria da, bidea erakusten duen mapa baten gisan. Lehenengo pertsona singularraren erabilera ere ezin dut sahiestu; libratzen saiatu arren askatzea ezinezkoa gertatzen zaigun  ni madarikatu hori alegia. Zergaitik jarraitu ordea gure buruak engainatuz ? Gezur handi eta zitala da modu inpertsonala, subjetiboa orokor bihurtzen du, soilik eritzi bat dena aginpide, autoritate bihurtuz.

Beraren orrialdeak begiratuz berriro ere, aurkitu nuen bilatzen ari nintzena. Bi hitz, edo…hobeto lau, sustantibo eta aditzen bi bikote alegia. Osagarri diren izena eta egintza beraz. Estrategia desberdinak zehazten dituzten bikoteak, jarduera forma desberdinak, nahiz eta agian bigarrenak ( mozorro eta mozorrotu ) bere zabaltasuna dela eta lehenengoa ( kamuflai eta kamuflatu ) barneratu.

Baliteke beraz obra edo ekintza guztietan mozorrotzeaz aritzea eta soilik batzuetan bakarrik kamuflatzeaz tratatzea. Hau da nire ustez jarraitu beharreko taktika, sailkatzea ahalbidetzen duen taktika, kamuflaia eta mozorroa elkarren ondoan jarri eta aldi berean egiten dira, esplikatzea posible egiten duen etengabeko koherentzia bat sortuz. Ez da beraz adostutako eta faltsua den lehenaldia eta geroa, etengabeko jarraipena baizik. Guztietan dago gordetzen den zerbait, ezkutatzen den zerbait. Espazioa adibidez disimulatuz mozorrotzen da batzuetan eta beste batzuetan aldiz nabarmenduz. Bestalde, objektuei dagokionean beti disimulatu ohi dira, ez diren zerbait dirudite edo diruditena izatea ere baliteke. Hori da desberdintasuna zeren zuhurtasuna da kamuflaiaren berezko ezaugarria eta bereizketa aldiz mozorroarena. Kamuflaiak erabateko integrazioa exigitzen du zeren eta bestela agerian gelditzearen arriskua dago; mozorroak aldiz begi- bistakoa bilatzen du, gehiegikeria, berehalako ezagutza. Eta horrela gertatzen zen non hasiera batetan hormak kamuflatu egiten ziren eta soilik begi erne batek ikus zezakeen isladen bitartez ezkutatzen zena, nolatan margoek koloreztutako argia gainazal zurietan proiektatzen zen, baina kamuflaje hori mozorro egiten joan zen eta hormak koloredun plaken atzean ezkutatzera pasa ziren. Iada ez ziren gordetzen, nabarmendu egiten ziren, beste hormen estruktura agerian jartzen zuten, exageratuz, gaineratuz, eta exagerazio honek irudikapena, simulakroa, agerian uzten zuen, nabarmen. Dena den, objektuek (orduak markatzen zituzten lanpak lehendabizi eta altzari eta lanparek ondoren ) beraien zuhurtasuna nahasmenean mantendu dute beti; berezkoa ez zuten erabilpen bat emanez, industrialak izan nahirik eskuz egindakoak direnean, diseinu itxura izanik benetako artelan direnean, akzio (aldatu, zapaldu, eseri, piztu, konektatu) izan eta orekaren plantak, itxurak eginez, aldi berean irudi eta atzealde izanik. Azkenik baliteke,  izan eta iruditu, mozorrotu eta kamuflatu baino sinonimoagoak  izatea..

Sergio Rubira