Ana Arregi, 2005

Koloreak eta zenbakiak

John Berger-en arabera margolaria bazara koloreak zure etsaiak izango dira, ez bereziki koloreak menperatzen saiatuko zarelako, haiengandik urrundu beharra izango duzulako baizik; koloreak galdu behar izango dituzu kolore besterik izateari utzi diezaioten eta gauza dagoen-dagoenean izan daitezen.

Txikitan tematuta nengoen marrazki batekin: etxe bat margotzen nuen behin eta berriro eta marra bakoitza kolore ezberdinez egiten nuen. Etxearen ondoan nire izena idazten nuen eta zenbaki bat: bosta. Besterik ez. Denborak aurrera egin ahala, marrazki ttipiaren misterioa hazten zihoan. Zer nolako lotura zegoen etxea, izena eta zenbakiaren artean?

Heldua nintzen. Ohartu gabe sartu nintzen etxean. Bat-batean etxea marrazkiarena zen eta ni barruan nengoen. Hormek kolore bana dute oraingoan ere. Bi orriko atean koloreak zati bakoitza bereizten du; laranja goiko aldean, horia behekoan.  Zokaloak ez ditu hormak bi zatitan banatzen, koloreak baizik. Baina, kolorea kolore izatetik haruntzago doa, espazio bilakatzeko. Koloreak, kolore dela ahazturik, agerian uzten du ikusten ez duguna, estruktura, alegia, etxeak bere biluztasunean diren hori, ohiturez eta jantziez estalita ikusi aurretik.

Etxearen espazio bakoitzak, kolore bakoitzak, bere neurriak adierazten ditu.  Plano batean bezala, baina ironiaz, zenbaki izugarri handiekin. Hain dira handiak zenbakiak ezen galtzen garela altuera eta zabalaren arteko biderketan. Eta … zerbait balego zenbaki horien atzean? Edo hobeto esanda ¿biderketaren emaitzaz ahazten bagara, eta zenbakiek direnak baino ez badute adierazten, hain pobreak zenbakiak koloreen aurrean, kolore izateari utzi diotela gauzak bere nolakotasunean izateko? Berger datorkit burura berriro: hemen kolorea laguna dugu.

Txikitako marrazkiren aurrean nago berriro eta bere bosta begiratzen dut. Eta zenbakiaren misterio bakarrak marraztu duenaren eskuaren adina adieraziko balu, besterik gabe? Akabo kabala guztiak orduan.

Ana Arregi

Scroll up
Ir al contenido